XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez da ipuina, egia da

Igandé batean, lagun bi Iruñera joan ginan.

Honantxean, Iruñetik urtenagaz batera, gaua ia gainean genduan eta Tolosara autostopean gentozan.

Irurzunen, 9-ak aldean, gure atzamarrak erakusten gengozala gazte bat geureganatzen ikusi genduan urrunetik, anka bat dandarrezka ekarrela.

Geure sasoikoa zan, amasei-amazazpi urte ingurukoa.

Lehenengoan, kittano antza bota geuntsan, ekarren ule luzeagaitik batez bere.

Berbetan asi ginan beragaz.

Berba, gogo barik legez egiten eban.

Begiak bere, itxi egiten jakozan.

Gallegoa zala esan euskun eta etxera joiala, Canarias-etik amabosta lehenago urtenda.

Bere etxekoak ez ekien nondik ebilen.

Bera halan egotearen arrazoiak galdetu geuntsazan, eta bere ibilaldia azaldu euskun: Gizon batek amabost mutil eroan zituan Galiziatik Canariasera, lan egitera.

Han amar artu eta beste bostak, bakoitzari bostehun peseta emonaz bidaldu egin zituan.

Euren artean, geure ordu batzuetako laguna.

Bostehun pesetok, itsasontzian Barcelonara etorri ezkero, arin joan dira.

Eta ea nor datorren Barcelonatik Galiziara, txakur txiki bat barik! Autostopean nok artuko ote dau itxura txarreko mutil bat autoduna bihotz onekoa izan arren? Batek baino gehiagok ez ote deutso esango autobusa artzeko edo dirurik ez badauka, lan egiteko? Eta bitartean mutila guri hau esaten: bere errian ba eukala lana; baina gizon harek lan obeagoa eskaintzeañ, erritik urten ebala.

Ez jakun autorik geratzen eta, gaueko ordu batak inguruan bide ertzeko orma zulo batean etzan ginan, azpitik bedar sikua ipini ondoren han lo egiteko asmoarekin.

Gure Galiziar laguna arin artu eban loak.

Gu anka otzez ezin izan ginan orma zulo haretan gehiago egon eta bidean aurrera egin genduan.

Gehiago ez genduan ikusi mutil ha.

Dinodan hau ez da irakurririko nobela bat, Txinan edo gertatua, ez.

Hau bertokoa dogu, gure personajea gallegoa bada bere.

Eta ez deutsat inori errurik bota gura, hareri jazo jakonagaitik, ez.

Nik gura neukena, beste gauza bat da, guri gertatzen jakuzan neke txikiakaitik ateratzen ditugun zaratak ez daiguzala atera batez bere gu estudianteon antzeko mutilen artean.

Konturatu gaitezan, gure alboan isil isilik zenbat gatx eta gogorkeria ahaztuten diran.

Oraintxe berton, nonedonon gure etxe aurrean beharbada, bide egalean gallego gazte bat, gizon bat, atzamarra jasoten dabil goseak, logureak, minak burua makurtu eragiten deutsola.

Xabier Zorroza.